« Itzuli albistegira

Getariako euskara jasotzeko proiektua martxan

2006-02-08  ¦  Euskalkia

Getariako udalak atzo jakinarazi zuenez, martxan da Getariako hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko proiektua. Lau lagunek osatutako lantalde batek egingo du, eta urtebete barru amaituko dute.

Getariako hizkera eta ahozko tradizioa ikertzeko beka lau lagunek osatutako lan taldeak egingo du: Asier Sarasua, Miren Zabaleta, Belen Maiz eta Aintzane Agirrebeņa.

Urtebeteko epea izango dute lana egiteko, eta lan horretan, herriko hizkera oro har, eta arrantza hizkera bereziki aztertuko dituzte.

Bi proposamen aurkeztu dira Udalak egindako deialdira, baina Rosa Maria Euskara batzordeburuak, Itsaso Ezenarro euskara teknikariak, eta EHUko irakasle diren Jesus Mari Makazagak eta Jose Luis Ormaetxeak osatutako epaimahaiak, laukoteari ematea erabaki du, "taldean lan egiteak denbora mugatu horretan ikerketa sakonagoa egiteko aukera ematen duelako, eta alde filologikotik aztertuta, taldeak benetan proposamen egokia eta osoa egin duelako".

Horrez gain, "baliabide materialen aldetik (grabaketak egiteko materiala, soinua eta irudia digitalizatzeko softwarea, eta abar) oso ondo hornitutakoa" dela gaineratu du epaimahaiak.

Lana egingo duen taldeak esperientzia zabala du horrelako ikerketetan; esaterako, Zarauzko hizkeraren azterketa egin berri dute.

Urola-kostako Hitza egunkaritik jasota.