« Itzuli albistegira

Antxon Narbaizaren azken liburua aurkeztu da

2011-01-19  ¦  Badihardugu

Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936 da liburuaren izenburua. Artxibo-lan handiko liburua da Narbaizarena.

Gaur, urtarrilak 19, Antxon Narbaizaren Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936 liburua aurkeztu du Badihardugu Euskara Elkarteak Eibarko udaletxean. Aurkezpenean Antxon Narbaizarekin batera izan dira Ainitze Oruesagasti Badihardugu Elkarteko ordezkaria eta Jone Telleria Eibarko Udaleko Euskara Normalizazio batzordeko batzordeburua.

Lan honetan Antxon Narbaizak XX. mendearen lehen hereneko giro politiko-ideologikoa aztertu ondoren, Eibarren, udalean batez ere, lanpostu publiko bat eskuratzeko zeuden hizkuntz eskakizunak ikertu ditu. Narbaizak lan ugari argitaratu ditu, eta, oraingo honetan, artxibo lan handia duen liburua utzi digu.

Liburua 2010eko Durangoko Azokarako atera zuen Badihardugu elkarteak, eta elkartearen stand-ean egon zen salgai. Hemendik aurrera, Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936 Eibarko liburu-dendetan egongo da salgai 10 euroren truke.

LIBURUAREN DATUAK:

-Izenburua: Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936

-Orrialdeak: 72

-Egilea: Antxon Narbaiza (Eibar, 1948)

-Argitaratzailea: Badihardugu Euskara Elkartea

-Salneurria: 10 euro