« Itzuli albistegira

"Elorrixoko berbetia", paperean eta sarean kontsultagai

2015-01-12  ¦  argitalpenak

Badihardugu Euskara Elkarteak prestatu duen Elorrixoko berbetia liburuak argia ikusi zuen 2014ko abenduan. Egindako lana sarean ere ikusgai dago, Dijitalidadea enpresak atondu duen www.elotop.net/euskara webgunean.

2009an Elorrioko Udalak atera zuen beka bati esker jardun dute Badiharduguko Juan Martin Elexpuruk eta Aintzane Agirrebeñak Elorrioko euskara jasotzen eta aztertzen azken urteotan. Elorrioko Ahotsak proiekturako egindako grabazioak hartu dira oinarri gisa, herriko hizkeraren azterketa egiterakoan; hala ere, beste iturri batzuetatik ere jaso da informazioa, besteak beste, Miriam Erizek Elorrioko toponimia lanerako egindako elkarrizketak eta transkripzioak, Garaizabal neba-arrebek 1984an Elorrioko hitanoari buruz egindako ikerketa, edo Irizarrek "*Morfología del verbo auxiliar vizcaíno (1992)*":http://www.ahotsak.eus/euskalkiak/argitalpenak/morfologia-del-verbo-auxiliar-vizcaino-1 lanean bildutako adizkiak. Horretaz gain, ezinbestekoa izan da lana borobiltzeko herriko lantalde baten laguntza. Liburuaren sarrera historikoa, berriz, Cesar Gallastegi elorriarrak egin du.

Liburuan jasotako guztia sarean jarri du, gainera, Dijitalidadea enpresak: www.elotop.net/euskara. Eta, horretaz gain, Elorrioko Ahotsak proiektuko bideoak eta transkripzioak ere aurki daitezke webgune horretan.

Liburua 5 euroan eskuratu ahal izango da. Lan osoaren pdf-a jaisteko aukera ere badago, aipatutako webgunean edo www.ahotsak.eus webgunean, argitalpenen atalean.