Informazio gehiago

Ahozko ondarea eta euskalkia

Badihardugu Euskara Elkartearen helburu nagusia, gure eskualdeko herrietako hizkerak jasotzea da, herri bakoitzaren berbetak dituen doinu eta kolore bereziak jaso, gorde eta erakustea. Helburu horiek gauzatzeko, 2002. urteaz geroztik, herririk herri dihardugu, elkarrizketak egiten, eta lehendik eginda zeuden elkarrizketak berreskuratzen eta antolatzen. Bailarako etnografia eta euskalkia jasoko dituen fonoteka osatzen.

Helburua, esan bezala, Deba eskualdeko eta inguruko herrietako ahozko ondarea batzea (etnografia eta euskalkiak) da, eta Deba eskualdeko bideoteka osatzea. Gure nagusienen lekukotasunak biltzea, antolatzea, digitalizatzea, lantzea eta ahal den heinean hedatzea funtsezkoa dela uste dugu. Horretarako jarri dugu martxan "Deba Ibarreko Ahotsak" proiektua, 2003 urtea geroztik gauzatzen ari garena. Atal honetan duzun Bideoteka hau da azken emaitza.

Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Deba Ibarra osatzen duten hamazazpi herrietan bertako euskara eta euskalkiak jasotzeko makina bat ahalegin egin izan da. Badihardugu Euskara Elkarteak ere ahalegin horretan dihardu bere sorreratik bailarako udal, ikastetxe, euskara elkarte eta euskaltegiekin elkarlanean. Egiteke dagoen bidea luzea da eta gure helburuak aurrera eramateko garrantzitsua den urratsa iruditzen zaigu honako hau: bailarako hizkeraren eta historiaren berri jasotzea nagusienen ahotik. Etnografia, euskara, euskalkiak, tokian tokiko hizkerak eta historia, proiektu berean uztartuta.

Proiektuan parte hartzen duten udaletxeak hauexek dira: Bergara, Antzuola, Elgeta, Soraluze, Mallabia, Aretxabaleta, Eskoriatza, eta Leintz Gatzaga. Udaletxe horiekin elkarlanean, udalerri horietako grabazio zaharrak jaso eta berriak egiten dihardugu. Horiez gainera, bailarako gainontzeko herrietan eta inguruko eskualdeetan ere grabazioak egiten ari gara.

Datu esanguratsu batzuk

Elkarrizketatuko hizlariak: 350

Jasotako grabazio-orduak: 650

Zenbat herritako grabazioak: 22

Elkarrizketatzaileak: 35

Grabaziorik zaharrena: 1987

Hiztunik zaharrena: 1887an jaioa

Proiektu honek ondorengo udalen babesa dauka: Bergarako udala, Antzuolako udala, Mallabiko udala, Soraluzeko udala, Elgetako udala, Eskoriatzako udala, Aretxabaletako udala, Leintz Gatzagako udala, Aramaioko udala.


Laguntzaileak

Emuneko logotipoa Babesleen logotipoak

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emun kooperatibaren dirulaguntza jaso du.